XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gehienetan begibistakoa bada ere balada tradizionalen eta arrunten sailkapena eta beren arteko ezberdintasunak, hizkuntzan eta egituran adibidez, denborarekin eta tradizionaltze prozesua aurreratu den neurrian bi azpisail hauek dituzten ezberdintasunak txikituaz joan daitezke; horren lekuko garbi dira bien artean dauden hartuemanak: gogora hemen Ana Juanixe eta Berdabioren kutsadura edota Donostiak bildutako heriotza bertso batzuekin kutsatutako toberak, eta arruntek beren hizkuntzan hartzen dituzten formula tradizionalak (gonbara hemen sartutako Pedro Karlos Mendi eta Bereterretxe, esaterako).

Esan gabe doa, hemen sartzen ditugun testu guztiak biltzaileek herriaren ahotik jazotakoak direla.

Agian badateke, ezagutzen diren neurrian jakina, beren bertso-paperak, eta soilik hauek, ematea hobe izango zela pentsatuko duenik izatea; alabaina, horrela jokatuko bagenu ezingo genuke Antologia honi ahozko adjetiboa erantsi.

Bestalde, tamalgarria bada ere, honelako baladak oso gutxi aztertuak dira, besteak ez bezala, tradizio gehienetan eta askozaz gutxiago gure artean.

Literaturaren historia, etnografia edo soziologia bezalako zientzi alor ezberdinetan balada hauek izan dezaketen eta duda gabe duten garrantziak justifikatuko lituzke ongi beraiei buruz etorkizunean egin litezkeen azterketa eta monografi guztiak.

Balada tradizionalekin egin dugunaren kontra ez dugu gaiak eta honi buruzko ikerketek ez bait zuten hortarako aukera gehiegirik ematen inolako komentariorik egin.

Horrelakorik nahi duenak jo beza Balada arruntak atalera non ikuspegi orokor bat eta exenplu ugari ematen bait da.